Badira bideak herritarren oinek egiten dituztenak, leku beretik milaka aldiz igaroz urratzen direnak. Badira bideak buruzagien aginduz eraikitzen direnak, egitasmo handi baten barruan, bi puntu lotzeko egiten direnak. Eta badira bideak, naturak berak sortu dituenak. Esate baterako, ibai baten etengabeko laztanarekin, milaka eta milaka urtez, mendi artean zabaldu direnak.
Zu bertan ibili aurretik, ostera, Lea ibilbidea lanerako bitartekoa izan da: baserriko ekoizpenak merkatuetara eramateko, Errioxatik ardoa ekarri eta harantz arraina bidaltzeko, oletako burdinak mundurantz zabaltzeko, bertako errotetan garia irin bihurtzeko… milaka oin ibili dira batera eta bestera herritarren bizimodua errazteko.










