Lea-Ibarrean ekosistema desberdinak daude, hala nola basoa, larrea, padura, itsasadarra edo kostaldea. Horiek guztiek landaredi eta animalia aberastasun oparoa biltzeko baldintzak dituzte.
Gaur egun, basoetan koniferoak eta eukaliptoa dira espezie nagusiak, nahiz eta han hemenka harizti, pagadi edo gaztainadiak ale edo multzoak topa daitezkeen. Itsaslabarretan eta itsas aldeko magaletan, artadi kantauriarra, txilar, ote, lahar, gramineo eta bestelako zuhaixkez eratutako eremuak daude.
Hegaztien artean, ubarroia, kaioa, kalatxoria, lertxuna, mokozabala, martin arrantzalea, txirria, kurlinka edo kuliska ikuskatu daitezke. Ugaztunen artean, aldiz, basurdea eta orkatza dira ugarienak. Azkonarra, azeria, ogigazta edo erbinudea, krikinoa, katagorria, satorra, katajineta edo desagertzeko arriskuan dagoen bisoi europarra.
Lea ibaia itsasortzen den hezegunean algak edota planktona biltzen dira. Arrain, molusku eta krustazeoak topa daitezke bertako uretan. Kabra, luja, txitxarroa, saburdin, berdela, akula, aingira, barbarina, makarela, partximikiak, lupinak, haginzorrotza eta abar.











